Historia luze eta aberatsa da 75 urtean zehar hiri batean erakunde bat bertan izateaz, bere ibilbideaz, arduraz eta bizia eskaini eta sortzeko erakutsi duen adoreaz eta interesaz hitz egitea.
Ez dugu hemen luzaroan jardun nahi; mugarri batzuk agertu besterik ez dugu gura izan, oroitzapen eta dokumentu-iturrien bidez; eta, batez ere, ESKERRAK eman nahi dizkiegu lan hau bideratu dutenei, eta bertan parte hartu duten guztiei.
Gure ibilbidea Deustuko Erriberan hasi zen; Komunitatea 1945ko irailaren 24an sortu zen, Deustun lehendabizi (Agirre Lehendakariaren kalea, 1), 1951tik 1972ra bitartean; eta San Ingazio auzoan (Enekuri Etorbidea, 25 eta Etxepare kalea, 20) gaur egunera arte.
Zergatik etorri zen Ama Trinidad, Gure Fundatzailea, Bilbora?
1944an, Espainiako gizartea suspertzen ari zen gerra zibilaren ondoren. Garai hartan, Ama Trinidad Kongregazio berria finkatzeko ahaleginetan zebilen (Jaunaren Amaren eta Eukaristia Txit Santuaren Mirabeak), Egoitza Santuak behin betiko onar zezan, bere ardura karismatiko biak kontuan harturik: Sakramentu Txit Santuaren gurtzea eta haur zein gazteen hezkuntza, alegia.
Granadatik (erakundeak Elkarte bat zuen bertan) Madrilera trenez egin zuen bidaia batean, Carmen Perote andrea (bilbotarra eta Deustuko auzokidea) eta Gregorio Martínez Blanco apaiza ezagutu zituen, eta adiskidetasun-harremana sortu zen haien artean.
Une hura izan zen Kongregazioaren sorburua; izan ere, Carmen Perotek Segundo Díaz Deustuko erretorearekin harremanetan jarri baitzituen, abade hau Deustuko Erriberako haurrak hezi, eta bertako kapera zaintzeko erakunde baten bila zebilelako. Handik gutxira San Pablo eliza sortu zen.
Ibilbidea Bilbon
Fuente: zawp.org
Deustuko Erribera
Deustuko Erriberan, lehen aipatutako kaperari atxikituta, GOROCICA Fundazioaren kide zen ikastetxe txiki bat zegoen, Karmengo Gure Amaren Eskolak izenekoa. Karitateko Karmeldar lekaimeek zuzendu zuten ikastetxe hau, 1942. urteta arte.
1945eko irailean han kokatu zen Kongregazio berria, (ESSEMD). 4 lekaime elkartu ziren, Sor Gertrudis eta galdegile bi buru zirela. Sei urtean, Kaperak eta Eskolak bete-betean jardun zuten beharrean, Deustuko ubidea eraikitzean Erriberako egoerak okerrera egin zuen arte. Orduan, bertako biztanleak beste eremu batera joan ziren.
Deustu – Lehendakari Aguirre 1
Gorocica Fundazioak, Erriberako eskola barne zuenak, Deustun kokaturiko lursail bat lortzeko lehiaketa publiko bati ekin zion. Eskola hura alemaniar batzuena zen, eta Bigarren Mundu Gerraren amaieran konfiskatu egin zieten,eta enkantean jarri. Lursail hori Gorocica Fundazioari esleitu zioten, eta orduan bertara eraman zuten Karmengo Gure Amaren Eskola. Gure lekaimeak eskolako arduradun izan ziren Deustun 1951-52 ikasturtetik hasita. ESSEMD Komunitatea ere hara joan zen, Sor Ignacia Moreno buru zela. Ikastetxean eskolaurreko heziketa mistoa eratu zen eta, era berean, neskentzako Lehen Hezkuntza. Ondoren, Bilboko Emakumeentzako Institutuaren menpe, Batxilergoa ere sortu zen eta, halaber, lekaimegaientzako barnetegi bat.
1966an, Sor Consuelo Vigurik gidaturiko Komunitatean aldaketa batzuk izan eta gero, Kongregaziokideek beste erronka bati ekin zioten: eskolarentzat kokapen berria bilatzen hasi ziren; izan ere hazkunde demografikoak eta egoitzako eraikinak handitzeko lur-eskasiak beharrezko egiten zuten ekimen hau. S. Ignazion lurra erosteko eta eraikin berria egiteko aukera aztertzen hasi ziren. Bitartean, Deustun jarraitu zuten Gorocica Fundazioarekin elkarlanean.
San Ignacio
S. Inazioko lurra Enekuriko hegalean aukeratu zen; 1967 eta 1968 urteetan bideratze lanetan jardun zuten udalarekin. Ondoren, 1969ko urrian, zenbait zatitan eraikitzeko lizentzia lortu zuten.
Lehen zatia 1972ko otsailean amaitu zen, eta 1972-73 ikasturtean hezkuntza-jarduerari ekin zitzaion, behin bizigarritasun-baimena lortu ondoren. Orduan Sor Nieves Mendioroz zen Komunitateko Ama Nagusi, eta berak bideratu zituen bigarren zatia eraikitzeko kudeaketak 1975tik aurrera. Lehenik, inguruko lursail batzuk erosi zituzten, eta 1980an lorturiko obra-baimenaren bidez, eraikin nagusia egin zen, eta 1983-84 ikasturterako ireki egin zuten. Bertaratzeko sarbideak bi ziren: Enekuritik bata, eta San Ignaziotik bestea, Bilbotik Plentziarako trenbidearen azpitik.
1990. urtetik aurrera, Komunitateak (Sor Pilar Burgos buru zela) proiektu guztia osatzea lortu zuen: ikastetxeari legeak hezkuntza-etapa guztietarako eskatzen zizkion baldintza guztiak betetzen ziren, haurtzaindegitik hasi eta Batxilergora arte; halaber, kirol-ekipaziorako lursail gehiago erosi behar zituzten. 1996an eraikin nagusiko azken solairuan kokatu zen Komunitatea, Deustutik etorrita. Azkenik, 2004an Haur Hezkuntzako eraikina inauguratu zen, behar bezala egokituta eta bereiziriko guneekin hornituta.
San Ignazion 30 urteko hazkundea izan da, beraz: guneak handituz eta antolamendu- eta metodologia-egitura aldatuz. Garapen honekin, bidea ireki zaie Hezkuntza-Berrikuntzari eta Kudeaketa Aurreratuari, batez ere 2008. urtetik aurrera.
2020ko urrian, atzerantz begiratuz gero, gauzatuta ikus dezakegu bizitza- eta hezkuntza-jardueraren proiektu berria.
Hainbat lekaime- talderen bizitza dago agerian, Ama Trinidadek Deustuko Erriberatik ekarri zituenetik gaur egunera arte lagunduz eta proiektua bultzatuz aritu diren Komunitateena, hain zuzen ere. Urteotan (askok luzaroan) parte hartu duten hainbat hezitzaileren bizitza ere dugu hemen erakusgai eta, zelan ez, gogotsu parte hartu duzuen sendiena, IGE-ena, ikasleena, eta ikasle batzuen seme-alabena ere bai.
Sor Puri
Une honetan, urte askoan gure artean egon den norbait gogoratu gura dugu: Sor Puri. Haur Hezkuntzako hezitzaile izan zenak itzala utzi zuen bihotzean zeramatzan umeengan.
Erretiratu ostean ere, harremanetan jarraitzen zuen guztiekin, hezitzaileen data esanguratsuak gogoratzen zituen; sendiak ere ez zituen ahazten, eta Hezkuntza Komunitate osoarekin gozatzen zuen Eskolako jaialdi eta ekitaldietan. Azken urteetan bere bizitoki izan zen Los Negrales-en ere, Bilbon zer moduz genbiltzan jakin gura zuen.
Martxoaren amaieran utzi gintuen, baina gozatzen jarraituko du, oraindik aurrera Jainkoaren ondoan, eta Berarekin batera gure zaindari izanik.
Hainbeste urte, hainbeste bizi, hainbeste hazkunde, hainbeste ahalegin eta ardura… ospatu egin behar dira, berriro biziz eta gogoratuz. Eta, era berean, elkarri eskerrak eman behar dizkiogu, DENOK garelako protagonista, Bilbotik egindako dei batekin, eta Ama Trinidadek emandako erantzunaren bitartez hasi zen istorio eder honetan: denok hartu dugu parte bertan, eta denok bihurtu dugu egia ibilbide hau.